"Mendiak bizirik, libre eta basatiak" zioen Urkiagako mugan zegoen horma honek, eta Pirineoak libre eta basati bizitzeko utzi ditut atzean San Fermin jaiak, emozioak astintzen dituen laberintotik ihes eginda. Erronka polita daukat aurrean eta gorputzak ajearen ondorioak nozitzen ditu oraindik.
Bedous-era heldu naiz azkenik, San Martin harritik jeitsiera guztia euripean eginda, ez dakit sekula egon ote naizen horrenbeste ordu bustita. Lerrook idazten nago orain "Le mandragot" gite détap-en ostatu hartuta. Hemen frantsesez mintzo dira, eta horrek areagotu egiten du bidaiaren sentsazioa. Ostatu hau berezia da, hemengo beroa gizatiarra da eta bero honek sendatzen ditu nekeak eta arimaren penak. Atzean utzi ditut oroimenen sua pizten duten hainbat eta hainbat txoko, aurrean daukadan bidea idaztear dagoen liburu bat da.
2008/7/14 Gourette-Baréges. 67km.
Col du Soulor-erako jeitsiera itzela da, izugarri ederra eta azkarra, errepide estu estu batetatik. Haran eta mendien berdeak irensten duela sentitzen du batek 80km/h-ko abiaduran.
Gaur Tourrarekin egingo dut bat eta ziztu bizian noa Argelest Gazost-era. Bertan sekulako jendetza dago, txirrindula festa haundia, toki guztietatik etorritako txirrindulariak daude, Australia eta Zelanda Berritik etorritakoak ere. "Bizilandiatik" irten eta errepide bazter batean geratu behar izan dut Luz St. Sauveur-en. Ikurrina bat eta laranjaz jantzitako bi neska ikusi ditudanean beraiengana jo eta Miren eta Puy-rekin igaro ditut tourra igaro aurreko, txirrindulariak igaro eta karabana amaitu bitarteko ordu luzeak. Beste kiroletan ez da gertatzen, ez dago zaleturik bere kirol maitatuaren segundo bakan batzuk ikusteko hhorrenbeste ordu emango duenik errepide bazterrean... kuriosoa txirrindularitzarena ezta?
Miren txirrindulariei animoak ematen. Hauek bai zaleak!
... karrera amaitu da eta txirrindula lasterketa ikustera kotxez etorritako guztiak doaz Tourmaletean behera. Nere txanda da. Tourmalet per mois. Animo ohiuak ere badira neretzako kontrako zentzuan doazen zenbait kotxeetatik. Eskerrik asko. Bareges-en gelditzea pentsatzen nago eta Matthias agertu da. Ni bezala txirrindularibidaria da. Elkarrekin abiatu gara gure urdailei omenalditxo bat ematera.
Hau da Mathias-en txirrindula. Velotraum alemanez txirrindula ametsak esan nahi du, izen polita txirrindu marka batentzat.
2008/7/15 Bareges-Azet. 74km.
Tourmalet gainditu dugu Mathias eta biok, jendez beteta dago mendi lepoa eta segituan abiatu gara aldapan behera La Mongie aldera, badirudi aranaren berdeak irentsi behar gaituela. Ste. Marie de Campanen elkarrekin hamarretakoa hartu eta bakoitzak bere bidea hartu du. Horrelakoa izaten da bakarrik bidaiatzen duenaren dinamika soziala, egun batzuk norbaitekin konpartitu eta gero bideak banadu egiten dira, eguneroko bizitzan ere horrela gertatzen da. Burutazio hauekin Hourquette d´Ancizan bortua igo dut, errepide nagusitik urrun horrelako bidexkek ematen duten lasaitasuna gozatuz.